Hiriko metabolismoa berriz definitzen

STARDUST proiektuak hiriko erronkei heltzen die konponbide berritzaile adimentsuak diseinatuz eta inplementatuz, hiru hiri aitzindaritan –Iruña, Tampere (Finlandia) eta Trento (Italia)– eta ikuspegi holistiko batekin. Hori horrela, lau hiri jarraitzailek –Cluj-Napoca (Errumania), Derry (Erresuma Batua & Ipar Irlanda), Kozani (Grezia) eta Litoměřice (Txekiar Errepublika)– errepikapen-estrategia egokituak lantzeko bide bat sortzen dute, proiektuaren ekintzek oihartzuna izan dezaten Europa osoan.

Bull ring

STARDUST Iruñean

Zenbait neurri aplikatuko dira, sektore ezberdinei lotuta:

  • ENERGIA
    • Energia kontsumo ia nuluko eraikinen (nZEB) estandarrak birgaitze-lanetan eta eraikin berrietan, eta energia kudeatzeko sistemak etxebizitzetan eta eraikinetan (HEMs eta BEMs) hainbat auzotan.
    • Teilatu fotovoltaiko aktiboen instalazioak.
    • Bero-ekoizpenerako zentrala auzorako, Txantrean.
    • Mikrosarea Erripagañan, argiztapen adimentsuaz konbinatuta.
    • Beroaren berreskuratzea Iruñeko Udalaren datu-prozesaketarako gunean.
    • Beroaren berreskuratzea, hiri-eskalan: ura hornitzeko sareen zein hondakin-uren monitorizazioa eta horien erabilera potentzialaren analisia, bero-trukagailua txertatu eta hartara, berokuntza eta aire girotua bero-ponpa baten bidez lortze aldera.
    • Argiztapen adimentsua.
    • Taxiak azkar kargatzeko gunea, panel fotovoltaikoez (“fotolinera”).

     

  • MUGIKORTASUN ELEKTRIKOA
    • Ibilgailu elektrikoak sustatzea: Nafarroako Gobernuko diru-laguntzak taxietarako –helburua, 30 taxi elektriko–; funtzionarioendako 20 ibilgailu elektrikoen flota; ibilgailu elektrikoen erosketa publikoa, ibilgailu elektrikoetarako diru-laguntzak eta doako aparkaldia.
    • Bizikleta elektrikoak erabiltzen dituzten banatze-sistemak.
    • Kargagune elektrikoak, eskualde arteko mugikortasun-azpiegiturekin bateragarriak.
    • Karga elektrikoa: V2G (ibilgailutik sarera); 40 kargagune elektriko kaleetan + 20 ospitaleetan, merkataritza-guneetan, hoteletan, enpresa pribatuetan…; karga azkarreko 3 kargagune taxiendako; aparkaleku pribatuen elektrifikazioa.
    • Bizikleta elektrikoen bidezko azken miliako banatze-zerbitzua abiatzea.
    • Erregulazio-neurriak: ibilgailu elektrikoen doako aparkaldia erdigunean eta autobus eta taxien lehentasunezko erreietan horiekin batera ibiltzeko aukera; hiriarendako app bat garatzea, hiriko azpiegituren informazio geoerreferentziaduna txertatuta izango duena.

     

  • IKT
    • Hiriaren plataforma ireki bat, ikuspegi holistikoduna, arestian aipatutako hiri-elementu guztiez osatua.

     

  • BERRIKUNTZA-EKOSISTEMA ETA NEGOZIO-EREDUAK
    • Negozio-ereduen baliozkotze burutsua (publiko eta pribatuaren arteko lankidetzak, energia-errendimenduaren kontrola, lizitazio publiko berritzaileak…).
    • Energia merkaturatzeko enpresa publiko berdea: eskaintzak sustatzea eta batzea, eta tokian-tokian ekoiztutako energia berriztagarriak merkaturatzea.
    • Txantrea auzorako berokuntza-sistema ustiatzea.
    • Enpresa berritzaile berrien garapena sustatzea.

     

  • TOKIKO ERAGILEAK ETA HERRITARREN PARTAIDETZA
    • Herritarren arteko onarpen eta adostasunak bilatzea, herritarrei informatzeko jardueren bidez, herritarren partaidetzako jarduera konkretuen bidez, herritarren partaidetzako tresnei lotutako Egin bat STARDUSTekin programaren bidez, eta abar.
    • Jolas elkarreragileak ohitura jasangarrien aldeko aldaketa sustatzeko.

     

SMART IRUÑA LAB
Smart Iruña Lab Iruñeko Udalak abian jarritako programa bat da, eta xede dauka ekintzaileei aukera ematea irtenbide teknologikoak benetako ingurune batean probatzeko. Programa 2018an abiatu zen lehen aldiz, lankidetza publiko-pribatuko akordioak garatze aldera. Horrek bidea emanen lioke Udalari Smart-City kontzeptuko irtenbideak probatzeko.

Programaren berariazko helburuak:

  • Smart proiektuak garatzea zenbait alorretan, hala nola ekonomia zirkular, ingurumen-jasangarritasun, irisgarritasun, energia-eraginkortasun, gizarte-ekitate, osasun eta abarretan.
  • Iruñeko Udalaren Smart Cityri buruzko lankidetzako esparru-hitzarmenari informazioa eranstea.
  • Tokiko ekintzailetzari lotutako enpresak-proiektuak identifikatzea, identifikatutako proiektuak garatzeko.
  • Identifikatutako ekimenei laguntza ematea, hauen bidez: laguntza teknikoa, komunikazioa, sareak eta abar.
  • Adierazleen sistema bat identifikatu eta deskribatzea, egindako lana eta haren jarraitutasuna ebaluatzeko.

Programaren lehen edizioan bost proiektu teknologiko pilotu hautatu zituzten, Smart City irtenbide gisara probatzeko Iruñeko benetako ingurune batean, honako hauek: LED-argiak, bide-segurtasuna hobetzeko (STOPLED); hiri-parkeetan izurriteak goiz antzemateko irtenbideak (AGROPESTALERT); radar-sentsoreak, trafikoaren monitorizazio adimenduna egiteko (uRAD); ureztatze adimendunerako irtenbide teknologikoak, (Smart AQUA) eta eraikin barruan airearen kalitatea monitore bidez eten gabe neurtzekoak (INBIOT).

Ezagutu proiektuak gure erreprodukzio-zerrenda ikusiz!

Programaren bigarren edizioan bost proiektu teknologiko pilotu hautatu dira, Smart City irtenbide gisara probatzeko Iruñeko benetako ingurune batean, honako hauek: i3i Ingeniería Avanzada proiektuak datuak denbora errealean hartuko ditu aparkatze eremu erabilienetan sentsoreen eta haririk gabeko komunikazio-plataforma baten bidez, portaera ikertzeko eta herritarrei hedatzeko. ‘MendiTech’ proiektuak hiri barruko ibilgailuen mugimendua kontrolatuko du eta etorkizunean hiri adimendunen eredu jasangarriagoak eta seguruagoak sortuko ditu eskala handian, informazioa emanez honako hauen inguruan: edukiera, abiadura, azelerazioa, noranzkoak, ardatz kopurua eta ibilgailuen pisua mugimenduan. ‘Kunak Green Move’ proiektuak airearen kalitatea neurtzeko teknologia erabiliko du mugikortasun jasangarriko ekintzak eta tokiko airearen kalitatearekin lotutako eguneroko azturen inpaktuak ebaluatzeko. ‘Defcon8 SL‘ proiektuak uraren kontsumo eraginkorrari buruz kontzientziatu nahi du, eta proposamen baliotsuak eskainiko ditu, hala nola ur beroaren eta hotzaren emariari eta tenperaturari buruzko datuen tratamendu estatistikoa, egunero kontsumo-helburu bat ezartzeko aukera, eguneko gastu osoaren kontagailu bat edo ihesak detektatzeko gailu bat. Azkenik, Smarth-Prop-en proposamena Greziatik dator, eta autoikaskuntzako eta autodoikuntzako irtenbide adimenduna erabiliko du, adimen artifizialeko algoritmoak oinarri hartuta, energia-kontsumoaren portaeraren detekzioa automatizatzeko, eraikin baten modelatze termikoa egiteko eta energia-eskariaren iragarri eta optimizatzeko. Hala, eraikinaren gastuan % 40rainoko aurrezkia eragin dezake.

Ezagutu proiektuak gure erreprodukzio-zerrenda ikusiz!